XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zergatik egiten duzue negar, tuntunak? esan zuen Manolisek, baina bere ahotsa ere dardartia zen.

Karramarroak bilatu bitartean isilean ibili ginen; bakarrik Pipitsak hitz egiten zuen; upelera zein lehenago igoko ez burrukatzearren, bere aitari beste upel bat eskatuko ziola, eta berriari, nik nahi nuen bezala, David Coppelfield deitu ahal izango geniola.

Nahi adina utzi genion hitz egiten.

Kai txikira iritsi ginenean, Manolisek eta Mirtok besoetatik eutsi zioten eta Manolisek aurrez aurrez begiratu zion:

- Tira, esaiguzu, zergatik salatu gaituzu?

- Nik... zer esan dut ba? esan zuen Pipitsak beldurtuta, eta muxinka hasi zen.

Seguru asko besoak estutuko zizkioten, garrasi handia egin bait zuen:

- Nire aitari kontatuko diot zer egiten didazuen...

Eta den-denak gartzelan sartuko zaituzte.

- Zer kontatu zenuen gure jolasez? esan zuen Mirtok amorruz.

- Zera... bakar-bakarrik... ez nuen ezer esan -negarretan.

Gezurretan ari zela ikusi genuen.

Nahiz eta ikastetxera joan eta bere aitak ardandegi pilo bat eduki, gezurti galanta zen.

Txaboletako haurrek ez zuten ez irakurtzen ez idazten jakingo, noizean behin biraoren bat esango zuten, baina inortxok ere ez zuen gezurrik esaten.

Gu ezezik, Aurora txikitxoa bera ere haserretu egin zen.

Orduan Pipitsa lurrera bota genuen, eta hondarrez estaltzen hasi ginen.

Berak garrasi egiten zuen, baina Manolisek eta Mirtok esku eta hanketatik ondo lotuta zeukatenez, ezin zuen mugitu.